DEMA Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak Enpresa Ideia eta Proiektuen Lehiaketaren XXIII. edizioa antolatu zuen ENPRESARI programaren barruan, eta atzo, ekainak 12, eman zioten amaiera sari-banaketarekin. Atzoko ekitaldiak ixten du 2023-2024 deialdia, eta parte hartu duten gazteen sormena eta espiritu ekintzailea nabarmendu dituzte.
Aurten, deialdiak erabateko arrakasta izan du, 282 ideia aurkeztu baitira, guztira, honela banatuta: erdi-mailakoetan 84 ideia eta goi-mailakoetan 198 ideia. Horietatik 113 proposamen aukeratu ziren (erdi-mailako 42 eta goi-mailako 71) lehiaketan jarraitzeko. Modalitate berri horretan, erdi-mailako eta goi-mailako zikloak bereizten dira eta, horri esker, ikastetxeei arreta bikoitza eskaini ahal izan zaie, aurreko edizioetan 50 proiektu izatetik oraingo honetan 100 proiektu baino gehiago izatera igaro baita.
Azaroan izan zen hasiera-ekitaldia Bizkaia Aretoko Mitxelena Auditorioan eta, bertan, Carmen Romero Núñezek eta Urko Olazabalek parte hartu zuten, gazte ekintzaileei zuzendutako ikaskuntzaz eta garapenaz beteriko ibilbide baten hasiera izanik. Prozesu osoan, partaideek Arri Zulaika, Joseba Etxebarria, Alexander Fernández eta Itziar Carranza adituen orientazioa eta aholkularitza jaso zuten, ideiak ondu zituzten, eta proiektuak epaimahai espezializatu baten aurrean aurkeztu.
Iker Cruzado Rodriguezen (CIFP Repelega) ‘Carbón Zero’ proiektua izan da irabazlea. Proposamena ekintzailetza-ekimen bat da, karbono forjatuzko zuntzezko piezak diseinatu, garatu eta ekoiztea bilatzen duena, hasiera batean kirol-merkatuan oinarrituta, surf-tauletarako killak bezalako aplikazioekin.