Crash! Crash Portugaleteko Ikasleen Lehen Toki- Azoka urtarrilaren 17 eta 19an egingo da Gazte Gelan eta Pando Aisian.
Gazteria Portugaletek bultzatutako ekimen hau Prestakuntza, Orientabide eta Laguntzarako GIDA programaren barruan dago. CIFP Repélega LHII ikastetxearekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera antolatua izan da.
Txema Ezkerra alkateorde eta Gazteria zinegotziak eta CIFP Repélega LHII ikastetxeko Jose Javier Miguel de la Huerta zuzendariak aurkeztu dute gaur goizean Crash izeneko ekimena. Ikasleen Lehen Toki- Azoka hau urtarrilaren 17 eta 19an izango da. Asmoa da Portugaleteko familia, gazte eta ikastetxeentzat tresna bat izan dadin prestakuntza- eta lan-ibilbideei begirako erabakiak hartzeko orduan.
Crash! Crash-en helburua da ikasleei, batetik, informazio eta orientabiderako espazio bat eskaintzea, eta, bestetik, tresna batzuk, bere etorkizunean eraginkortasunez hautatzeko zein prestakuntza egin eta zein lanbide hartu. Azokak ingurumarietako hezkuntza- eta prestakuntza-zentroak ezagutarazi nahi ditu bai eta zerbitzu arloko entitate eta enpresak ere. Izan ere, azken hauexek erantzun diezaiekete DBHko 4. Mailatik gorako ikasleen prestakuntza-beharrei. Hori horrela, ikasleek beharrezko informazioa lor dezakete bere formazio-ibilbidea hautatzeko, betiere laneratzeari begira.
Zergatik ote da Crash? Nahi dugulako errealitatearekin talka egiten duen espazio bat izan dadin, gogoeta bultza dezan eta ikasleari baliabideak eman diezazkion erabakiak hartu behar dituenean.
Horren ildotik, Ezkerrak azpimarratu egin du “gazteen artean berebiziko garrantzia duela ikasketak eta formazio-ibilbideak aukeratzeak. Izan ere, bizitzako une horrek, sarritan, zalantza eta estres handia eragiten du hala ikasleen nola familien artean. Portugaleteko hezkuntza-komunitatearekin batera geuk ere, tresnez gain informazioa ere eman nahi diegu erabakiak hartzeko orduan lagungarri gerta dakien. Berebat, uste dugu Crash espazio garrantzitsua izan behar dela gogoeta eragin eta bultzatzeko”.
Crash ekimenaren egitaraua Crash ekimenaren egitaraua aurretik ikastetxeekin eginiko lan-bileretan jasotako ekarpen eta eskakizunetatik abiatuta prestaturik dugu.
Crash! Aipatu behar dugu Crash ekimenak hiru ardatz dituela: prestakuntza- eta orientabide- hitzaldiak, ikastetxeetarako bisitaldia eta inguruko ikastegi eta zerbitzu-enpresek paratutako erakusmahaiak.
Hitzaldien bidez, hezkuntza-interes handiko hainbat gai sakondu nahi ditugu, hala nola: lanbide-heziketaren lege berria, lanbide-arrakastarako bideak, etorkizuneko lanbide-profilak, zenbait lanbideren feminizazioa eta maskulinizazioa, unibertsitate-graduetarako sarbidea, oinarrizko lanbide-heziketa, larrialdi-zerbitzuetarako lan-sarbidea, oinarrizko lanbide-heziketa, ekintzailetza lan-irteera gisa, hezkuntza-sistemara berriro itzultzeko gakoak, egoera irregularrean dauden pertsonak eta lan-merkatuan sartzeko bideak, Europako mugikortasuna eta gure seme-alabei erabakiak hartzen laguntzeko jarraibideak.
Aurreko guztiaz batera, Portugaleteko eta inguruko ikastetxeak jendeari ezagutarazteko xedez, Crash-ek stand-alde bat ere izango du asteartean (urtarrilak 17) 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era eta asteazkenean (urtarrilak 18) 9:00etatik 14:00etara. Pando Aisiako lehen solairuko banatzailean egongo dira kokaturik, sarrera doan delarik.

Erakusmahaietan hauexek egongo dira; CIFP Repélega LHII Santa María ikastetxea Nuestra Señora del Carmen ikastetxea Asti Leku ikastola, IMFPB Portugalete, AEK, San Roque Formazio-zentroa, UPV / EHU, UNED Portugalete, Dantzerti Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola IED Kunsthal Bilbao Diseinuaren Goi-mailako Arte Irakaskuntza , Hazten Udalaren Enplegu Zerbitzua, Integrando FundazioaDEMA Bizkaiko Enplegu eta Ekintzailetzarako Foru Agentzia, Portugaleteko Aisialdi Sarea, Deustuko Unibertsitatea eta Haizea Windgroup enpresa.
Edozein modutan ere, erakusmahaietarako eskabideak jasotzen jarraituko dugu edukiera bete arte. Interesdunek gurekin harremanetan jarri beharko dute mezua hona bidalita: gazteria@portugalete.org.
Crash-en parte-hartzea doakoa da. Interesdunek www.gazteportu.com helbidean dagoen izen-ematerako galdetegia bete beharko dute. Izen-ematea taldeka edo banaka egin daiteke.
